Jose Eizagirre
BASOTARRAK
Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
Liburu gehiago eskuratzeko:
http://armiarma.com/liburu-e
Iturria: Basotarrak, Eizaguirre'tar Josebak egindako antzerkiya. 1913.
http://klasikoak.armiarma.com/
Egileari buruzko informazioa:
http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00399.htm
BASOTARRAK
Eizagirre tar Josebak
egindako antzerkiya
1913
AGERLAGUNAK
INTZ: Emezortzi urteko artzai-nexka.
BASOJAUN: Berrogei ta amarren bat urtekoa.
SANTZO: Emeretzi urte.
ALONSO: Urbil-ko jaun zarra.
ZALDUN: Castilla-ko agintariak bidaldua.
PERU: Artzai zarra, Intz-en aita.
Gudari bat.
Bi morroi.
Alonso-ren emaztia ta bere laguntzale emakumezkoak.
Zaldun-en gizonezko lagunak.
Guradi-taldia—Artzai-taldia (emakumezko ta gizonezkoak).
LENENGO ATALA
Basojaun bizi dan mendiko leitza edo zuluan barrendik antzokiyan agertzen da; atze aldian leitzak zabal aldera dun ateera. Zabala illargiz jantzia dago. Barrenen eskubitara su tokiya, egur aundiz su puxka batekin; beste aldian garo-oya.
LENENGO AGERRALDIYA
SANTZO, bakarrik
(Aizkora ta beste izkilluk arkaitz batian
zorrozten ari dala, zapiya jasotzian Santzo agertuko da;
bitartian berekiko abesten du).
Mendi gañeko arkaitz aundiyan
Eginda bere kabiya
Arrano beltza azkatasunez
Inguraturik bizi da
Bere egatzak zabaldurikan
Austen du zeru garbiya
Baleuzka legez bere mendian
Lurreko pixti guziyak.
Indartzu, azke, zabaldegiyan
Ederto oi zera ibilli
Goi zabal ortik beko aldera
Egin zenezake irrintzi
Kate ta burni astun tartian
Zuk ez dezula nai bizi
Zure kabira mendeatzallerik
Ez dala oraindik iritxi.
(Ate aldera joan da begiratuaz).
Luze iritzita nago.... bestetan baño berandugo izan arren nere aita ez dator.... bañan ez dago bildurrik, bere biotz ta indartasunez eragozpen guziyak garaituko ditu.
(Utzitako lanari jaraitzen diyo len bezela abestuaz)
Arrano beltza menderatuta
Katez lotu nai dubenak
Mendigañeko arkaitz aundira
Iyo biarko du neketan
Betor onara, diyo arranoak,
Gelditu gabe kezketan
Nere biziko azkatasuna
Ez det galdu nai ezertan.
Bañan, zer aditzen det?... atean norbait dabillela esango nuke..., piztiren bat ote da?...
(Atera ta Intz arkiturik eskutatik
elduta indarrez barrena dakar).
2. AGERRALDIYA
SANTZO ta INTZ
SANTZO: Ja, ja, ja... auxen da pizti edera eizatu dedana... ja, ja, ja...
INTZ: Santzo... baño Santzo, utzi nazazu... arren Jainkoagatik... uzten ez banazu ilko naiz...
SANTZO: Mirabe polit bat bein biar gendun zulo ontan...
INTZ: Joaten utzi nazazu; ez naiz geyago etorriko...
SANTZO: Ez dezazula bildurrik izan, Basojaun ez da oraindik etorri, ta badakizu ni ona naizela.
INTZ: Bai, baño zure aita noiz nai etorri liteke ta, emen arkitu ezkero, biyok illgo gaitu.
SANTZO: Ez, ez da oraindik etorriko,.. ordu ontan gure zulo aldera zertara etorri zeran esan biar didazu... eguna oraindik aldi luze batian ez du zabalduko...
INTZ: Ardik zaintzera jeki naiz...
SANTZO: Ez, ortarako goizegi da... gañera arditatik gure zulora bide luzea dago. Nik zutzaz senti dedana zuri nigaz gertatze ote zaizu?
INTZ: Zer senti dezu bada?
SANTZO: Neonek ere ez dakit... Txikik giñanian bein baño geyagotan aurreko ariztiyan jolas aldi luzeak alkarekin egin giñuzen...
INTZ: Bai... ta neri aitak gogor ekiten zidan orduan, esanaz «ez al dakin mutiko ori Basojaunen aurra dala ta oik guziak alde gaiztoko ta etsayan jatorrikoak dirala?» ori aditzian ni asko bildurtzen nintzan.
SANTZO: Zu azi ziñan, ta ni ere bai... geroztik ez det zurekin jolasik egin, bañan ikusi bai, egunero ikusten zaitut... goizean ardi ta bildotxak artu ta larrera zuazenian ez bada, illunabarrian bildotx ta arditxuak bildu ta etxera zatozenian arkaitz tarte batetik begira an nago. Nere gogoa zugan da beti, ta etxean ta mendiyan, lan, eitza t'atseden alditan egunez ta gabaz, esnai t'ametsetan nere burutik ezin kendu zaitut... beti, lozorruan bezela, nere begien aurrian zaukat. Barrendik datorkit zureganako deya; zureganako leloa, zureganako naitasuna, zu gabe ezin bizi ninteke.
INTZ: Txoraturik naukazu, Santzo... orixen bera da nik zuregan senti dedana. Zure oroitzak alaitasunez biotza betetzen dit, zure pozak poztu ta zure estuasunak estutzen naute; zu gabeko onik ez det.
SANTZO: Ene maitia!
INTZ: Bañan nik beñere entzun ez nituan gauzak zure aotik gaur entzuten ditut, egundaño senti ez nituan dardar eztitsuak biotzian ditut; oraintxe bertan naitasuna zer zan ez nekien; bañan zure itz legunak, zure biotz mugira leyalak ortze berriya nere arimari zabaltzen diote, nere begiyak egun berri batera gaur zabaltzen dira zure bidez... zorionekoa izan bedi gaurko gau eder au.
BIYAK: Gure naitasunian ain aldi motxa igaro arren, bere biarrian arkitzen gera... Naitasun aundiz luzaro maite gaitian alkar...
SANTZO: Basojaun dator!
(Basojaunen orrua entzuten da).—
Intz bildurturik joateko asten da baño betarik ez du.
Zalapartan Basojaun sartu ta
Intz leitzan arturik asarratzen da.
Basojaunek besoa luzaturik Intz-eri ateera erakusten diyo.
Intz joaten da laxterka ta Basojaunek
arbasta batez Santzori ekiten diyo).
3. AGERRALDIYA
SANTZO ta BASOJAUN
SANTZO: Nexka oni, arren, etzayozula ezer egin, nik ekarri-arazi det aurreko aristitik...
BASOJAUN: Emen iñor sartzia nai ez dedala badakik, zertara etorri dek ergel ori?... Berriz nik emen iñor arkitzen ba diyat zatituko aut...
SANTZO: Utzi nazazu, ta zer gertatu dan esango dizut...
BASOJAUN: Utzi e... aundigoak eman biar nizkike... urrenarako ikasi ezaken... beñere ez dek ik nere esanik gordeko... Ire jostaketaz sua ere itzaldu zaik... egur batzuk ekarri itzak... Aizkora ta beste izkilluk zorroztu al dituk?...
(Santzok egurrak ekartzen dizka.—
Basojaun su aurrian exeritzen da).
SANTZO: Bai, zoroztu ditut... ona emen . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
(Izkilluk erakusten diozka.—
Basojaunek gogapen garratzen bat buruan darabill.—
Biyak alditxo batian ixillik egon da gero
Santzo mintzatzen da).
Basojaunek ez diyo entzuten.
Barkatu nazazu, aita, ez det geyago iñor gure bizitoki ontan artuko... gaurkoa nola gertatu dan esan nai nizuke...
Aizkora ta beste izkilluk zorrozten ari nitzala ate aldian zerbait entzun da joan naiz, ta Intz arkitu ta sartu-arazi det, izketan asi gera ta alkarri esan diozkagun itz ederraz txoraturik nago.— «Maitetasun a zer zan ez nekien oraindik, bañan guk alkarregaz senti deguna ezagututa, maitatzia zer dan ikasi dot, nere biotza bereganatu dit.
(Esnatuaz bezela).
BASOJAUN: Zer, ori ere badegu?... oraindik jayo besterik gabe maitetasun ta olako txorakeriyaz asi al aiz? gaurtik aurrera olako gauzik aitatzia eragozten diat.
(Arrenka).
SANTZO: Baño aita... olako eragozpenik ez dizadazula jarri... lanik gogorrena agindu zadazu,... zuk nai dezun guztiya egingo det, baño nere biotzian gaur jayo dan maitetasun au, Jainkoagatik, ez zadazu katez lotu.
(Kupitzen da).
BASOJAUN: Larri ikusten aut; estu abill... neska ez dek zatara ta... gure arkaitz zulo ontan emakume bat ez litzakek gaizki etorriko... I basojaun ta ura maitagari, euzkotarraren bi indar ixilllak; Basojaunaren beso sendoa, biotz gartsua, ta maitagarriren itzal goxua, maitetasun ezti ta biguña, batek guda, aserre ta burrukara zeramak, bestiak berriz bere atsegin ta pozez, pake samurrian, zelai loratsu batian lez, bere kerizpean gordetzen dik...
(Pozez).
SANTZO: Bañan gauz oyek guziyak egitan esaten al ditusu?... Ametsetan nagoala iruditzen zait... laztandu nai zaitut... (Laztantzen du). Su bezelako aitik ez da ludiyan... Poztutzen nau zu orla ikustiak... lenago oso naigabeturik zeuden... zer zendun ala egoteko?
BASOJAUN: Berriz lengo oroimena burura ekarri arazi didak... Berdin gero ere jakin biarko dek eta barrenen daukaten guziya erakutsi nai diyat...
Ik aita deitzen didak, baño ni ez nauk ire aita... gaurko egunaz urtero naigabeturik arkitu oi nauk... gaurko egunaz ire aita ill uan ta i ere galtzezo zoriyan arkitu itzan.
(Arritzurik).
SANTZO: Bañan nola liteke... esan zadazu... txauturik nago...
BASOJAUN: Bai, jakiteko orduba ba dek; ez aiz lengo mutill koxkorra, gizon bat aña ba aiz orain, ni berriz zartzen ari nauk, ta gaurko egunez biyok nola alkartu giñan esan nai diat . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
Orkestaz ixiltxo lagundatako itz-aldiya.
(Basojaun aitz ipurdi batian exerita asten da.
Santzok, lurrian-etzanda, aoa zabalik entzuten dio
eta bere edestiya aurrera dijoala sututzen da).
. . . . . . . . . . . . . gaztelu eder batian jayo itzan; ire aita ludiyan izan liteke gizonik onena uan; gudan biotz-dun ta indartsua, ta ongille ta biotz bera pakean mendeko-entzat zalako, inguruko guziyak maite zuten; ni bere urkoa izandu niñuan. Nai etziyon etsai bat baziyan ta ire etxeko zoriontasuna galdu uan bein betiko. Bat banaka atsekabe ta galerak gertatzen asi ituan, samiñak danak, baño azkenekoak ikaragarriyak. Egun batian ire ama gaxotu ta bere gaitza ain gogorra ez izan arren, ill uan, ango negar samiña!, zertatik ill zan iñork ezin asmatu zikan... baño gero jakin gendunez gizon zital arren eginkizunak izan ituan ori ta gero gertatu ziran izugarriyak.
(Abesturik).
SANTZO: Ta gizon ura zakur baten antzera, ilko zenduten... e...
BASOJAUN: Ez, oraindik bizi dek.
SANTZO: Nola liteke? Nun bizi dan esan zadazu ta neonek nere atzaparrez biotza kendu nai diot.
BASOJAUN: Ez diat oraindik azkendu... ori baño gauza latzaguak aditu biar dituk entzuten badidak...
SANTZO: Jarraitu ezazu bada ta amaitu arte entzungo dizut, al badet...
Lengo eran orkestaz ixiltxo lagundutako itzaldiya.
BASOJAUN: Gauz oik eta beste zitalkeriyak gertatu ondoren, aldi batian berririk izan ez uan; bitarte ontan ire aitaren areriyo arrek bere almen garatza inguru guzira zabaldu nai zikan; aita onegiya izanik, bere etsayak eskubide ta jabetasun guziyak kendu nai ziyozkaten. Aurrez-aurre ta arpegiz-arpegi motz gelditzen zirala ezaguturik, itzaletik galdu nai izan zikaten. Garai artan ire aitarekin gudalari negola, beste guda-gizonekin batian ire gazteluan bizi niñuan. Gau batian, ni urruti nitzala arg itasun gorri bat gaztelu aldetik agertu zala ikusirik laxterka etorri ta jauregi guziya su ta gar arkitu nian; zer egiten nun ez nekiela garretara sartu nitzanian ire aita iltzeko-zoriyan ikusirik bere laguntzan bertaratu ta eldutzera nijoanian, «ez, ni utzi nazazu, esan ziraken, nere semetxua jaso ezazu al badezu...» autxe iya ituan eoken i... nere besoetan i artu ta, etzekiat nola, baño Jainkuaren laguntzez, gar aetatik atera indukadan... ire aita ta beste guziyak an gelditu itukan betirako...
Orduan ire aitaren etsai arrek bere agintasun ta almena sendotu zikan ta oraindik ere toki artan eta bere inguru guziyan zital arrek agintzen dik. Ire aitaren semerik bizi danikan ez dik arrek uste, danak an kixkaldu zirala uste dik, jakin bazun i eraill arteko onik izango ez uan; orrengatik ni ordeka utzi ta irekin mendi-mendira etorri niñuan ta emen azi aut...
(Abestuaz).
SANTZO: Zitalkeri ayek egin zituan biotz gabeko gizon makets ori zein da?
BASOJAUN: Zinetsiko ez uke... geyena al lezaken gizona dek, Urbil-ko Alonso, jaun zarra.
SANTZO: Gizon orrek nere eskuetan bere biziya utzi biarko du.
BASOJAUN: Bai, nik lagunduko diat; ortarako gaur emezortzi urte sutatik jaso iñudan, ortarako maitasunez, ta al nun era onenean azi aut, ortarako aizkora ta azkona eskuetan erabiltzen erakutsi diat...
SANTZO: Naizen guziya zuri zor dizut, aita ez bazera ere, aita aña maite dedan ordekoa zaitut, zuk neregatik egin dezun guziya nola nik ordainduko nizuke?... Orain joan biar naiz...
BASOJAUN: Nora?
SANTZO: Urbil-ko gaztelura... gizon txar ori ezagutu arteko oniz ez daukat... gastia naiz, besoa sendo arkitzen det, eginkizunik gogorrenerako biotzak laguntzen dit... ekatzu bada nere aizkora-motxa ta nere aizto zorrotza.
BASOJAUN: Joan biar ori gastetazunak erakusten dik; ez, ez aiz gaur joan biar... nik esango diat noiz, ta neoni irekin joango nauk.
SANTZO: Ez, ez, utzi nazazu, zuk esandako gauzak biotzeraño iritxi zaizkit, gaur bertan joan nai det...
BASOJAUN: Ezetz esan diat; oraindaño ortarako gorde auten bezela gero ere ire aitaren oroimen ederra berritzeko bidian neonek jarriko aut... ez dezagula gaur orretzaz geyago itzik egin.
Orain eguna zabaltzen as¡ dik eta lo egiteko garaya dek... gaur emezortzi urte lo aundirik ez nian egin.
SANTZO: Zuk gaur esandako berriyaz nere adimena ezin jantzi da oraindik... bat-batian ludi batetik beste batera eraman baniñuzu bezela nago. Nere buruan dagon nasketaz lo egiterik ez daukat... etzateko ez nago.
BASOJAUN: Etzan egin biar diagu bada; lo egin da gero, nundik asi biar geran erabakiko diagu.
BIYAK: Etzan gaitezen bada, eta lo eder ta osogarri bat Jaungoikoak eman begigu... alaxen.
(Basojaun su aurrian ta Santzo garo-oian etzaten dira).
Zabalian eguna argitzen asi da.—
Oso uruti artzayen goiz-abestiya entzuten da;
artaldiak beren biltokitik mendira zabaltzen dituzte
ardien txillintxoekin batera abeztuaz.
4. AGERRALDIYA
BASOJAUN ta SANTZO lo, artzayen goiz-abestiya urruti.
Gaba igaro ostian eguna dator ta eguzki ederrak ludi guztiya alaitzen du... Ernaitzen da lo zegoen artzaya, txori ariña adarretik ostora bere zoriontasuna abesturik txoroa dabilll.— Ibaiko uraren otsak ta urutiko txakurren zaunkak agur egiten diote egun berriari: Agur.
Zeruetan zauden gure Aita, donetsia, izan bedi zure izena.
Zure ala betorkigu,
Zure gogoa egin bedi
Zeruan lez ludian be
. . . . . . . . . . . . . . .
. . . . . . . . . . . . . . .
Orkestan aizkeneko nota gutxituaz
amaitzen dun bitartian nekez zapiya jetxiko da.
BIGAREN ATALA
Atal onek bi zati ditu. Lenengo zatia Urbil-ko Alonso jaunaren jauregi edo gazteluan. Zapiya jasotakuan jauregiko gela-nagusiya agertzen da; atzeko aldian ta zabal-aldera leyo ederrak.
Gaztelura Castilla-ko Erregeren agindez etorri dan Zaldunaren izenean jayak, gudariyen indar ta trebetasun neurritziak ta beste orrelako jolasak egiten dira, ta etxeko-jaun, bere emazte, laguntzalle ta erbestetarrak jai ta jolas ayek antzokitik atzeko aldera begiratuaz ikusten dituzte. Illunabara dator ta atal au asi ta azkar jolasak amaitzen dira, ta geroko egintza gabaz gertatzen da.
Aldaketa azkar batez, bigarren zatiya mendiyan gertatzen da.
LENENGO AGERRALDIYA
Urbil-ko ALONSO, ZALDUN, Alonso-ren emaztia,
gizon-ta-emakumezko bere laguntzalleak ta gudari bat.
Zapiya jasotzen danian Alonso ta bere lagunak
ardura aundiz leyotik zabalera begiratzen dute
alkarri ezer esan gabe; alditxo bat orla igaro-ta,
bat-batian txaloka asten dira; zabaletik ere txalo,
irrintzi ta itz-otsak datoz, tronpeta soñuak ere bai,
ta oyek denak indar-neurtze bat azkendu dala esan nai dute.
Beste jolas bat asi bitartean antzokiko gure jaun oyek
bere artian itz egiten dute.
ZALDUN: Zure gudagizonen indar ta egokitasunez arriturik nago, emen bezin gudari azkarrik iñun ez det arkitu.
ALONSO: Inguruko mendi aundi oyek begira itzazu, or jayo ta beti bizi izan dan gizona argala ezin izan liteke.
BATEK: Egiya esaten dezu...
BESTE BATEK: Mendi oyek orrela dauden bitartian euzkotarrak indarrez menderatzea ez da erreza izango.
ALONSO: Ezin liteken gautzatzaz jo zenezake.
ZALDUN: Alonso, guk asi nai degun guda ortarako zure gizonak onenak izango giñuzke ta al dezun guziyak eraman zazkiguzu.
ALONSO: Al dedan guziya egingo det, bañan nai ez duten tokira euzkotarrak eramatea erreza ez dala esan dizut... (Zabalekoai). ...Gaba dator ta gaurko jai oyek amaitzeko azkona-jolasa egin ezazute...
(Zabalian txalo ta ardalla entzuten dira ta
Alonsok erbestetarrai azkona-jolasa
nola egiten dan ezagutu-arazten die).
BATEK: Zer jolas da ori?
ALONSO: Jolaslariak toki jakin batetik bere azkona bota biar dute ta urrutiena botatzen duenak irabazten du.
BESTE BATEK: Ikusgarriya izango da jolas ori.
ALONSO: Jolas onekin artzaldeko jayak amaitzen diranian, sarituak izan diran guziyak beste guda gizonekin, zuek agurtzera onara igoko dira.
ZALDUN: Pozez agurtuko ditugu...
GUDAGIZON BAT: Alonso jauna, azkona-jolasian zure gudariyekin artzai gaste batek azkona bota nai du, beste guziyak atzera (Zabaletik dator) utziko ditula diyo.— Utzi egin biar al zayo?
ALONSO: Parragarri geldituko da, baño utzi sayozute. . . . . . (Bere lagunei). jolasa astera dijua . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
(Denak zabalera begira jartzen dira;
aldiz aldi txaluak ta itz-otsak berritzen dira,
aizkenian txalo, ardalla ta irrintziyak aundiguak
entzuten dira.— Artzayak irabasi du.—
Tronpetak edo adarsoñuak ere entzuten dira).
ZALDUN: Ikusten al dezute, artzai gastiak irabazi du, ez da makala bera, sendo ta egokiya da, zure gudagizontzaz artu dezakezu.
ALONSO: Bai, ala da, beste sarituakin orain etorriko da ta nerekin gelditu nai ote dun galdetuko diot.
(Exerita zeuden tokitik altxatzen dira
baño zabalera begiratzen dute oraindik)
2. AGERRALDIYA
Illunabartzia
Lengoak eta morroi bi
LAGUNTZALLETAKO BATZUEK: Etxeko jaun ta bere sendiyari Jaungoikoak gabon diyeia, gaur bere etxean arkitzen diran erbestetar jaun zintzoai ere baita.
(Zabalian illuntzen du ta ezkillak entzuten dira.
Zabaleko susmur ta ardalla gutxitzen dijoaz amaitu arte.
Bitartian morroi biyek gela nagusiko argiyak
piztutzen dituzte ta eskubitan arkitzen diran
alki ederratara Alonso-ta bere lagunak datoz).
ALONSO: Baita zuei ere...
LENENGO GUDA GIZONA: Gaur artsaldeko neurtze ta jolasetan saritatuko gizon ta gaztelu ontako zure gudari bikañak zu ta zure gaurko txanguak agurtzera datoz zuk aurreratzeko baimena ematen badiezu.
ALONSO: Betoz, betoz aurera...
3. AGERRALDIYA
Lenguak eta gudari-taldia
(Orkestak guda soñua jotzen dun bitartian
sartzen dira gudari-buruak beren emaztiakin,
guda gizonak bakarrik, artsaldian saritutakuak ere bai;
denak Alonso ta bere lagunan aurrera iritxi
ta gorputzez agur bat egiñik aldamenetan
gelditzen dira. Gero denak abestutzen dute).
TALDIAK:
Urbil-ko Alonso jaun onarekin
Artuta izkillu zorrotza
Joan nai genduke etsai artera
Entzun arazten gud'otsa
Au degu gure buru sendoa
Beregan degu biotza
Jaunak berari luza bizayo
Urte askoan bizitza.
ALONSO: Ara emen nere gazteluko gudagizon biotz-dun ta bikañak.
ZALDUN: Gudari egokiyak! biotz barrendik agurtzen zaituztet.
TALDIAK:
Agur Alonso Urbil-ko jauna
Biotz aundiko gizona
Zure ondoan bizi nai degu
Izateko zoriona
Agur zurekin jauregi ontan
Dituzun erbestetarrak
Zaldun egoki bikañak dira
Agur gudari jatorak.
4. AGERRALDIYA
LENGOAK eta SANTZO
(Ontan ate aldera denak begiratzen dute;
artsaldian saritulako artzaya dator, Santzo da.
Orlako toki ederretan oitu gabia izanik bildurtuta bezela,
alde guzietara begira aurreratzen da; batzuk parrez
bestiak arduraz, denak berari begiratzen diote).
ALONSO: Atoz, etzaitezela bildurtu, gaur artsaldian azkona-sariya irabazi dun artzaya zu al zera?
SANTZO: Bai... jauna.
ALONSO: Azkonalari bikaña zera, indartzu ta egokiya.
SANTZO: Basotarrak besoa sendo izan oi degu... zu Alonso Urbil-ko jaun zarra zera noski.
ALONSO: Bai, ta gaztelu ontan guda gizontzaz gelditu nai badezu...
SANTZO: Ortara ez nator, ori baño eginkizun gogorrago bat dakart... uzten badidazute ipui bat esan nai dizutet.
ALONSO: Esan ezazu bada.
SANTZO: Au bezelako gaztelu eder batian, jaun ta biotz aundiko bat bere sendiakin bizi zan, inguruko guziak nai zuten ta danak ongi bizi ziran; gizon zital batek bere almena kendu nayean t'aurrez-aurre ezer ezin zuala ezaguturik itzaletik ekin zien. Zitalkeri asko egin ondoren gazteluan emen gaur bezela, jayak ziran egun batian, jauregiari su eman zion ta etxeko jaun, sendi ta guziyak antxe kixkaldu ziran; gaizki esan det, etxeko jaun arren seme gaztetxo bat artian bizirik gizon zintzo batek sutatik jaso zun. Zunbeltz-tar Jon zan etxeko jaun ongille ura, nere aita laztana ta beste gizon zital, gaizkille, makets ura zein zan bai al dakizute?.—Bada zan Urbil-ko Alonso, ori bera...
(Inguruko denak arriturik daude).
ALONSO: Gizonak, ero ori lotuta eraman ta euki zazute zer egin biar zayon nik agindu arte.
SANTZO: Ez, zure biziyaren eske nator . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
(Bere aizto zorrotza eskuban dula Alonsori gañera dijoakiyo,
Alonsok atzera egiten du ta Santzo gudariak eltzen dute.
Badaramate. Zalaparta andiko egintza).
ALONSO: Beko zulora eraman ta zakur baten antzera ill ezazute!...
(Santzok azkatzeagatik indarrak egiten ditu).
ZALDUN: Bere jaunaren kaltez orla jartzen dana goikoagatik zinzilikatu biar litzake...
DENAK: Ori, ori...
5. AGERRALDIYA
LENGOAK eta BASOJAUN
(Atzeko leyo batetik sartzen da Basojaun).
BASOJAUN: Santzo, nere mutilla nun abill...?
DENAK: Basojaun, Basojaun!. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
(Basojaun ikustian Santzo uzten dute
ta antzokiyan bi aldetara bildurrez ta ikaraz biltzen dira;
Santzo ta Basojaun besarkatzen dira).
BASOJAUN: Mutill au, egia esaten dulako ill nai zenduten?... Santzo, ire aita eta sendi ona galdu ta ire etxia erre zun gizon ergel ta zital ara or daukak... Jaun zar ori bera dek.
ZALDUN: Gizonak, bi artzai txatxu oyek lokarriz lotu ta zulora eraman gabe, nola uzten dituzute?
ALONSO: Ori da, or¡, bere nagusi ta Jaunari orlako gauzak esaten entzun ta nola zaudete geldirik?
BASOJAUN: Ez, gizonak, ezertan ez nekatu... Alonso, gogoratuko zaizu noski, zer barrengo poza izan zendun Zunbeltzeko jauregiya sutan ikusi zendunian...; jaun zintzo arren sendi guztiya antxen kixkaldu zala uste zendun; ara emen nik gau artan jaso nun aurra; zuri gau onak ematera biok gatoz ta ez utsik. Zunbeltzeko su ikaragarri arren antzera emen ere gar aundiko beste bat eskeñi nai dizugu, ikusten al dezu?— Ara, aurki bere txinpartak leyo oyetaraño iritxiko dira... ja, ja, ja.
(Suaren gorritasuna besterik ez da agertzen alde guztietatik.
Gudagizon, emakume, zaldun ta guztiak eroturik
batetik bestera dabiltza, gelatik atera nai dira,
baño alde guzietan sua arkiturik ostera gelara datoz.
Izkanbilla aundiko gertaera ikaragarria. Egintza azkarra.
Basojaun ta Santzok leyo batetik itzul egiten dute).
ALONSO: Zuazte ortik inpernutarrak.
BATEK: Sua... sua da...
BATZUK: Emendik... emendik zatozte... zer da au... alde guziyak suak artu ditu.
BESTIAK: Galduak gera... ene Jaungoiko maitia.
ALONSO: Ludi ontan orlako etsai bat nuenik ez nuen uste... au da maketskeriya.
(Suak etxea den artu du; antzokiya gorri-gorri agertzen da.—
Gazteluko ezkilllak denai deika jotzen dute.
Izkanbilla aundinian dala zapiya jexten da).
ZALDUN: Atera-bidia erakutsi zaguzu, bestela denok emen kixkaldu biar gera . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
BIGAREN ZATIYA
Orkesta-ren bitartekoa.
(Iñork itz-egin ta erestu gabe, zati au orkesta utsezkoa da. Antzoki edo agertokiyan mendira bidia. Basojaun ta Santzo sutan dagon Urbil-ko gaztelutik itzul egin da, mendira dijoaz. Orkesta ari dala, antzokiyan ezkerretatik agertzen dira, ta arkaitz baten gañean gelditurik atsegiñez begiratzen dute. Suaren argitasuna antzokiraño irixten da ta Santzo ta Basojaun bere gorritasunez inguratu ta apaintzen ditu. Biyak bere eginkizunez pozturik daude. Ontan adar-otsak entzuten dira; gazteluko guda gizonak beren ondoren, beren eske datoz. Au ezaguturik Basojaun ta Santzo mendian gora dijoaz. Adar otsak gero-ta bertarago entzuten dira ta ots oyek bilduaz Orkestak amaitz eder bat egiten du. Zapiya jexten da).
IRUGARREN ATALA
(Gertaera mendi baztar batian da; eskubitara Basojaun ta Santzo bizi diran zuloaren atea. Arratsaldia da ta eguzkiyak aizkeneko argitasunak bidaltzen ditu).
LENENGO AGERRALDIYA
Artzai-eresiya uruti, PERU,
Arzai-taldetxua; gero INTZ urruti.
(Lenengo atalaren azken eresi bera artzayak
urruti eresten dute, bañan an gutxituaz entzuten
dan lez emen gero-ta-geyagotuaz agertzen da).
ARTZA-TALDIA URRUTI: Negu luze bat joanda ta bere atsekabe ta illuntasunak berekin daramazki; uda-berriko epeltasun pozgarriaz gure mendi galantak margo ederrez jantzirik, alai ta garbi arkitzen dira...
Ardi apalak, bildotx gaxuak, artzai azkarrak postu bitez.
(Artzai eresiya ari dan bitartean,
antzoki barrenean Peru agertzen da
ta txistu egiñik bi aldetako artzayak deitzen ditu;
laxter amalau edo ogei neska-mutil biltzen zaizka.
Bere ayek artuta aurrera dator).
PERU: Atozte, atozte, gauza gogor bat esan biar dizutet...
DEÑAK: Zer da, zer gertatzen da?
PERU: Eginkizun ikaragarriya Basojaun ta bere semiak egin dute...
DEÑAK: Zer egin dute bada?...
PERU: Urbil-ko jauregiyan agintari goiko bat iritxi dalako atzo jai aundiyak ziran; bada arratsaldeko jolasak amaitutakuan, jauregi barrenian nagusi, arotz guda-gizon, emakume ta danak alkar agurtzen arkitzen ziranian, Basojaun ta Santzok etxeari su eman diote ta barrenian arkitzen ziran guztiyak galduak dira...
ARTZAYAK: Gertaera garratza da ori...
PERU: Gizon zital ta gaizkille izateko jayotakuak orlako txarkerik egiten besterik ez du jakiten...
ARTZAYAK: Ta nora joan ote dira.
PERU: Onera ez dira noski etorriko geyago...
BATEK: Orduan zure alaba senar-gairik gabe galdituko da.
PERU: Zer diozu? berritzu aundia! Nere alaba Basojaunen semiarekin ez da beñere ezkonduko, ezkontza ori eragozteko, ala biar balitz, nere eskuz ilko nuke.
(Urruti, baño bertaratuaz).
INTZ:
Maitetasuna zer dan
Iñortxok ez daki
Ez badu biotzian
Noiz baitian euki
Beraz txoraturikan
Ibilli naiz gaizki
Santzok maite ezpanau
Ilko naiz ni aurki.
ARTZAYAK: Intzek zer diyon entzuten al dezu?
PERU: Nik naitasun ori biotzetik kenduko diok...
BATEK: Ta onera dator...
(Artzayak badijoaz.
Intz-en eresiya entzuten da berriz len baño bertarago
t'amaitzerako antzoki barreinan agertzen da).
PERU: Bai... zoazte, berakin bakarrik itzegin nai det; a, zer aztindu aldiya artu biar dun!
INTZ:
Ekaitz gogor zakar bat
Igazi ostian
Asaltzen da eguzkia
Odeyen tartian
Olaxe baita ere
Biotz barrenian
Noiz-bait ageri oi du
Negar ondorian. . .
. . . . . . . . . . . . . . .
(Peru Intz-eri bidera ateratzen zaio ta
besotik eldu ta zakarkeri aundiz antzoki aurrera dakar.
Intz asko bildurtzen da. Artzai batzuk, aita-alaben arteko
gertaera ikusten alditxo batian antzokiertzian gelditu dira).
2. AGERRALDIYA
PERU ta INTZ
PERU: Basojaunen seme txar orri geyago ez begiratzeko, ire biotzian ez artzeko, ta beraz geyago ez gogoratzeko, milla bider esan diñat... alaba batek aitaren esanak ez al dizkin gorde biar?...
INTZ: Bañan aita... Jaungoikoagatik...
PERU: Santzo ta bere aita inpernutarrak, alde txarrekuak dirala ez al dakin?... Basojaun ta Murumendiko sorgin zikiñen alkartze nazkagarritik jayotako ergel orrenarekin ire odol garbiya nastu nayean al abill?...
INTZ: Ori gezur aundi bat da. Santzo seaska ederretik dator, odol garbikua da...
PERU: Atzo Urbil-ko gazteluan egin duten txarkeriaz ez ditun geyago noski onara etorriko, bañan bada-ezpada ere iri toki ontara etortzia eragozten diñat...
INTZ: Santzo etorriko dala ba dakit... zergatik ez det ura maitatu biar...?
PERU: Gauz orretzaz geyago itzik entzun nai ez diñat... goazen, goazen emendik urrutira... goazen azkar gizon txar oyen izena iritxiko ez da toki batera... goazen...
INTZ: Ez, ni ezin joan niteke... Santzo gabe ilko nitzake... laxter emen da, ta ementxe itxoegin nai diyot...
PERU: Goazen, nerekiñ ator, aitak agintzen diñ; onian nai ezpaden, gogorrian bederik nerekiñ etorri biarko den.
INTZ: Ez, indarrez ez naiz juango... emen jarraitu nai det...
PERU: (usten diyo) Bada nere alaba aizenik ez geyago esan, ta neregana ez geyago biurtu... baño gogoan euki nik esandakua, Santzo-rekin ezkondu baño len nere eskuz biotza kenduko diñat...
(Santzo etorri biar dun aldetik, laxterka Peru dijoa).
3. AGERRALDIYA
INTZ bakarrik, gero SANTZO
(Orkestak alditxo batian jotzen dun bitartian
arkaitz motx batian exeriz Intz negarrez dago:
gero ereztutzen du).
INTZ: ...Orren zorigaiztokoa izateko zer gaiztakeri egin ote det...? Jauna, lagundu zaidazu. . . . . . . . . . . . . . .
(Berriz eskuartean burua artuta dagola
antzoki barrenean Santzo agertzen da:
bere bizitokira datorrela Intz ikusiyaz bereganatzen da).
SANTZO: Intz neria...
INTZ: Santzo, bizi al zera?... etorriko etziñala etsi nun...
SANTZO: Emen naiz bada... baño zer? zuk negar egin dezu... zergatik egin dezu?... norbaitek zerbait egiñ al dizu?
INTZ: Ez... ez... iñork ez dik ezer egin... zu etzetozen da... zerbait gertatu ote zitzaizun gogoratuaz...
SANTZO: Ain naitasun aundiya nitzaz dezula ezaguturik, zutzaz txoratuta naukazu... bañan nere aita etortzen ikusi al dezu?... oraindik ez ote da etorri?
INTZ: Nik ez det ikusi... etorri danik ez det uste.
SANTZO: Bada, zerbait gertatzen zayola esango nuke... atzoko gertaera jakingo dezu noski...
INTZ: Bai...
SANTZO: Gaztelua garretan utzi ta biyok mendira sartu giñan; nagusien galera igarri zutenian Urbil-ko gizonak gure eske as¡ ziran ta gure atzetik mendira zetozen; etzekiten nun zebiltzan, baño artzai bat arkiturik zer nai zuten esan ziyoten, ta ark toki ontako bidian jarri zitun... artzai ura zein zan etzenduke ziniztatuko.
INTZ: Zein zan bada?
SANTZO: Peru, zure aita... gure atzetik Urbil-era joana zan ta...
INTZ: Ene jainkua... ni zurekiñ ez ezkontziagatik egingo zun... Ori gertatu baño len, ala biar bada, bere eskuz biziya kenduko dirala oraintxen esan dit.
SANTZO: Etzayak gure mendiyan bertan giñuzela ikusirik, aitak eta nik ordu ontan emen alkartzeko asmua artuta alde banetara jo gendun...
4. AGERRALDIYA
INTZ, SANTZO ta BASOJAUN
(Urrutira Basojaunen oju apalak entzuten dira).
BASOJAUN: Santzo... Santzo... or altzera?
SANTZO: Entzuten al dezu, ori Basojaun da... zer ote du..!
(Santzo ta Intz laxterka joaten dira;
Orkestak Basojaunen soñua apalki jotzen du.
Basojaun izkilluz joa ta alderoka dator;
Santzok eltzen diyo, geyago ibilli ezeñik
bizitoki aurrian etzaten da).
...Baño aita, nolatan jo zaituzte?... miñ aundiya al dezu?... Intz, zoaz ta barrendik kaiku batian ura ekarri zaidazu...
(Intz joaten da ta zurresko ontzi batian ura dakar.
Santzok bitartian Basojauni
bular-gañeko jantziyak azkatzen dizka).
Peru, makets ergel arren zitalkeriyak gauz oyek guztiyak dakarzki, a! ordaña kenduko diat...
INTZ: Ona emen ura, mistela erre jarri diyot... orretzaz bere onetara etorriko da...
SANTZO: Ekartzu...
BASOJAUN: Barrena erretzeko zoriyan daukat... ur onek on egiten dit...
(Batek galtzarbetatik jaso ta bestiak ezpañetan
ontziya jartzen diyo. Edan ta Basojaun argitzen da).
SANTZO: Etzayak urruti al dira...?
BASOJAUN: Ez, oso bertan izan biar ditek... Peru, artzai kaskar orrek laguntzen ziotek... azkar itzul egin ezazute baztar ontatik... beztela emen garbituko zaituzte...
INTZ: Ez, ez, zu emen utzita ez degu joan nai...
BASOJAUN: A! ni onik banego or datozen zortzi gizonak nere aizkoraz purrukatuko nituzke.
SANTZO: Ta ni ezertako gizon ez naizela uste al dezu?... aizkora erabiltzen zerorrrek ez al dirazu erakutzi?... bada zure almen guztiyak neregan bildu nai nituzke... gure kaltez or datozen zortzi gizon betar aul oyek menderatzeko ni bezelako basotar bat naikua da.
BASOJAUN: Ene semia! To nere aizkora ta berarekin artzak nere biotza... neriak egin dik... emendik aurrera Basojaun izan adi...
(Basojaun erortzen da.
Santzo aizkora eskutan duala etsayetara dijoa.
Intz ere antzoki barneko arkaitz batera igotzen da
atalan asieratik aratsaldia aurreratuaz illunabartzen ari du.
Intz-ek, dagon tokitik, Santzo ta bere etsayen arteko
burruka ikusten balu bezela larriturik dago,
batzutan estutzen da, bestetan poztuta
toki artatik Basojaunen aldera etorriyaz
oneri burrukako gora-berak erakusten dizka).
INTZ: Jaungoiko maitea... nere Santzo an dijoa... ene!, bat, bi, iru, lau... asko dira etsayak... nere mutilla jango dute... ara, bat jota bota du, ori dek ori!!... e! e!... bestiak, bi, iru, gañian dituk... bejondeikala!... Gogor ari dira; Santzoren aizkoraren txistua emendik entzuten det... bi edo iru bota ditu... e? nun dira, nun?... ara, berago joan dira... beso orren joera nork gelditu?... ekin... ekin!... zortzi gizon zer dira orrelako basotar batentzat?... bera dijoaz... etsayak oña atzera bota dute... bi edo iru besterik ez ditu aurrian... bestiak nun dira?... itzul egin nai dute... jo, jo, eldu, eldu... bota ditu, bota ditu... garaitu du... bat, bi, iru, lau... asko ziran... denak etzanda or daude...
(Au esanda Santzo-ren bidera balijoa bezela
alde artara itzul egiten du.
Bitartian Basojoaun-ek Intz-en esanez
zerbait gallendurik arkaitz aldera joan nai luke
baño ezin du, arrastaka bederik joaten asten da,
indarrez bere gorputza biartzen du,
puxka bat altxatzen da, baño bizirik gabe
aizkeneko arnasetan erortzen da, eriyotza datorkiyo;
Santzo-ren irrintzi zorrotza entzuten da.
Orkestan garaimen-soñu alditxo bat).
5. AGERRALDIYA
SANTZO ta INTZ
(Santzo ta Intz erestuaz aurrera datoz.
Santzo-k esku batian aizkora
ta bestian etsayen izkillu-ausi,
burnizko txapel zalpatua ta orlakuak dakarzki).
BIYAK: Basotarrak, len zeuden bezela azkatuak gelditu dira; betako euskaldun kutsutuak, arrotzakin naste dabiltzan oyek, guk nai degun artian ez gaitue menderatuko...
(Basojaun besotik erabilliaz).
... E!... zer da au... aita, aita?
INTZ: Zer dezu... naigaberen bat egin al zaizu?
SANTZO: Gogortua dago, au ez da naigabea, au eriotza da...!
INTZ: Ezin liteke, nere Jaungoiko maitia.
SANTZO: Bai il da, ta nik beragabe zer egin biar det?... Basojaun gabe umezurtz arkitzen naiz, orrela bizi baño ill nayago det...
INTZ: Ta bizi guztirako laguntzaz emen ez al naukazu ni, maite ez al nazu bada?
SANTZO: Bai maite zaitut... bañan zu aurrian ikusiyaz zure aitaren zitalkeriyaz nere Basojaun il dutela beti gogora etorriko litzaiket... zure odol ta neriaren tartian zorigaitzeko eriyotza jarri zaigu...
INTZ: Ene! bizi guztirako atsekabetasuna... betirako illunpea...
SANTZO: Gorputz maite oni lur eman biar diogu ... lurpeko baño obi ederragoa eman nai dizut... beti bizi izan zeran tokian gelditu bedi zure gorputza eriotzaren ondoren...
(Bere besotan artu ta eramaten du leitza-zulora:
Intz atzetik negarrez dijoa ta zuloko atian gelditzen da,
Santzo atera arte. Santzo ero baten antzera laxterka
ateratzen da, bere illeak len baño arrogoak daude,
bere begietatik txinpartak dijoaz; Basojaun-en aizkora
eskuetan dakar. Bat-batian Intz-eri ekiten diyo).
... zure aitak usteko zun orren eriyotza gertatu ezkero geyago Basojaun-ik etzala, betako gudari oyek ere ori usteko zuten... ez ba, ori il arren Basojaun ez da il.. orain ni naiz Basojaun, ta nere ondoren besteren bat izango da, mendi oyetan, baso beltz eder oyetan euzkotar zintzo bat dan bitartean Basojaun izango da...
(Mendi aldera asten da).
INTZ: Nora zoaz, Santzo, nora?
SANTZO: Basoan barrenago, mendian gorago, beko ergelkeri ta arrotzaletasunak oneraño iritxi dira... emengo artzayak ere beko gaitzez kutsutu dira, ni emendik banua.
INTZ: Bañan maite ez al nazu?... ez al gera beñere alkartuko?
SANTZO: Nork daki!...
(Mendiyan gora erestuaz dijoa;
Intz-ek, negarrez, urrutira jarraiten diyo).
Arrano beltza menderatuta
Katez lotu nai dubenak
Mendi gañeko arkaitz aundira
Iyo biarko du neketan
Betor onara, diyo arranuak
Gelditu gabe kezketan
Nere biziko azkatasuna
Ez det galdu nai ezertan.
(Amaitza ontan guzian Santzok Basojaun biurturik
onen doñuak biltzen ditu ta ayek erestuaz
antzokitik joaten da; Intz atzetik du.
Bere aizkeneko irrintzi ta orru ikaragarriak
urrutiratuaz entzuten dira ta mendiz-mendi
basoz-baso berriztuaz entzuten dira;
Orkestak bein da berriz jotzen ditu,
Basojaun il arren, bere gogoa, bere izaera bizi dala
ta euzko mendiak diran arte biziko dala erakutziaz.
Zapia jetxi ezkeroz doñu oyek gutxituaz amaitzen dira).